castellano | euskera
Indarberritzen, apurka-apurka, eta Katmandurako bidean (Jordi)
30/05/2008
Jakin badakizuen maiatzaren 21ean Everesteko gailurrera heldu ginela, batzuk juxtu-juxtu, ni bezala, beste batzuk hobeto. Une bereziak izan ziren, eta oroitzapenak nahasi egiten zaizkit gogoan. Baina hantxe egon ginen, Juanra eta biok.
Egun batzuk dira han goitik jaitsi ginela, eta oraindik betiko nekea daramat aldean. Aldamenean Juanra daukat, astun-astuna, edan, jan eta lo egin dezadan esanez, etengabe. Laguntza handia, ezbairik gabe. Aldi berean, oinez zoazela, bakarrik, harrituta sentitzen zara, lortu dut! pentsatzen, munduaren gailurrean egon naiz, nire gorputza behinik behin, eta irribarretxoak irteten dit.
Nekatuta nago, oso nekatuta, baina zoriontsu, ahituta baina zoriontsu, eta gainera bagoaz etxera. Ez dago parekorik, espedizioko onena da hori. Denborarekin hemengo lorpenarekin hobeto jabetuko naiz, ez dena okerrik izan eta dena benetakoa eta ezin hobea izan dela.
Tira, kontatuko dizuet dena zuzen-zuzenean bizar honekin, krokodilo larruko sudurrarekin eta normaltzea espero dudan botox-ez beteriko ezpainokin ezagutzen banauzue behintzat.















