castellano | euskera

bidaia koadernoa

Gau osoa gailurreraino iristeko

19/05/2008

Juanra eta Jordirekin hitz egin dugu oraintsu. Asteartea da, arratsaldeko bostak, eta duela ordu bete heldu dira 4. kanpalekura, hegoaldeko mendi lepora, 7.950 metrora. Neke-neke eginda daude baina izugarri poztu ditu gailurrera iristen saiatu aurreko azkeneko gaua dutela pentsatzean.

3 kanpalekutik horraino eskalatzea ikaragarri gogorra egin zaie, zortzi bat ordu eman dituzte horretan eta, esan digutenez, orain arte egin dituzten zortzi milakoetan gogorrena izan da eurentzat. "Oxigenorik zurrupatu" barik igo direla ere esan behar dugu eta espero dute ahalegin horrek ondorerik ez izatea. Gainera, 4 kanpalekura gaur heldu diren espedizio guztietatik geurea da oxigenorik gabe etorri den bakarra. Kontuan hartu beharreko datua, beraz.

7.300 m-tik 7.500 m-ra Genevarren Ezproian, elur berria aurkitu dute eta bidea irekitzen joan behar izan dute; lurzorua harritsuagoa da hortik hegoaldeko mendi leporaino eta, ondorioz, lasaiago ibili ahal izan dute.

Orain atseden hartzen ari dira, ura egiten, jateko eta indarberritzeko. Lauzpabost orduko atsedenaldiaren ostean hango gaueko bederatziak edo hamarrak aldera abiatu gura dute gailurrerantz. Azkeneko eskalada izango dute 8.848 metrora dagoen tontorrera eta bederatzi bat orduan egitea espero dute. Badirudi eguraldia ere lagun izango dutela, haizerik apenas eta euri edo elur prezipitazioen iragarpenik ere ez dago. Hotza, hori bai, -28 º C-rainokoa, -35 º C-ko sentsazio termikoarekin.

Besarkada handi batekin eta Everesteko gailurrera iristeko ametsa gauzatu dezaten munduko zorte guztia opatuz agurtu ditugu.

Dena ondo badoa, hauxe da ordutegia:

Nepaleko ordutegia:

21etan irten + 9 orduko igoera = gailurrean asteazkenean, maiatzak 21, 6.00etan

Euskal Herriko ordutegia :

17.15ean irten + 9 orduko igoera = gailurrean asteazkenean, maiatzak 21, goizaldeko ordu bietan

Metro Bilbaon adi egongo gara ea noiz deitzen diguten Juanrak eta Jordik satelite bidezko telefonotik, munduko gailurrik gorenera heldu direla esateko.

Duela 28 urte, 1980an Everestera joan ziren euskal espedizioko kideek mugarria jarri zuten eta esaldi bat ere utzi ziguten oroigarri: "Ametsa proposatu eta lortu genuen, orain lekukoa beste batzuek hartuko dutela espero dugu." Jordi eta Juanra hortxe-hortxe daude, zorte on, lagunok.

1 2 3 AURREKO SARRERAK