castellano | euskera

bidaia koadernoa

3. kanpalekua. Gailurretik bi egunera soilik

18/05/2008

Gaur, astelehenena, maiatzak 19, berriro hitz egin dugu espedizioarekin. Hotzak izoztutako ahotsak eztulka entzun ditugu, behin eta berriz.

Ez dira arroparik eranztera ausartzen eta zopa zurrupatzen dute berotu nahi baina ezinik. Afalostean lotarako asmoa dute, biharamuneko jardunaldi gogorrari heltzeko indarrak biltzeko.

Esan digutenez, maiatzaren 17an Kanpaleku Nagusitik abiatu ziren, eguraldia kili-kolo, baina gora egiteko moduan. Gauean atseden hartu eta indarberritu ziren eta, gaur, maiatzak 19, goizean goiz, 3. kanpalekurantz igo dira; han zeuden beraiekin hitz egin dugunean.

Lotseren paretatik hirugarren kanpalekurainoko eskalada gogorra izan da, antza, oso hotz handia eta haize gogorra izan dituzte, eta nabarmen igartzen omen zaie itxuran. Ondo jan eta atseden hartuta indarberrituko dira ordea, "gogoa piztuko digun afaritxo ederrarekin", eurek diotenez.

Eguraldiak aukera eman zain daude, bihar hegoaldeko mendi leporantz jotzeko, 7950 metro gora, handik gailurreratzen saiatzekoak baitira. Maiatzaren 21ean gailurrerantz abiatuko lirateke, gaueko bederatzietan, biharamunean, hilaren 22an, gailurra zapaltzeko. Eguraldiaren iragarpen zehatzak eman diezazkiegun eskatu digute.

Ahituta baina begiak helburuan jarrita, gorantz begiratzen dute, gero eta gertuago daude. Zailena da maiteena, diotenez; Juanrak eta Jordik ez dute, ziurrenik, esperientzia hau sekula ahaztuko.

Kronika hauen eskutik, geu ere igo gara zelanbait gizon ausart bi horiekin kanpalekuraino, 1 kanpalekuraino, 2 kanpalekuraino, eta abar. Eta orain, gailurrean ere, eurengandik gertu egon gura dugu. Horretarako, telefono zenbaki bat eman diegu, Everesten, Txomolangman, zortzi milakorik handienean daudenean mezua uzteko.

Ostegunean orrialde honetatik bertatik, Everesten gailurretik, Juanra eta Jordiren hitzak entzungo ditugulakoan gaude.

EGURALDIA

1 2 3 AURREKO SARRERAK