castellano | euskera

bidaia koadernoa

Lotsaren urtea

14/05/2008

Hala izendatu beharko dugu, hemen mendian, Txinak, herri handiuste horrek eragin digunagatik.

Dakizuenez maiatzaren 1etik 10era bitartean ezin izan genuen 2. kanpamentutik gora pasa, horixe zen errestrikzio kirtena. Egun horietan gure ilusioak jasan zuena nekez deskriba daiteke baina seguruenik asmatuko duzue.

Gora joateko baimena eman zigutenean bigarren kanpamentura abiatu ginen berehala. Bertan egin genuen lo eta hurrengo egunean gure aklimatazioa hobetzeko aldera gorantz abiatu ginen, Lhotseko mendirantz, ahalik eta altuen iristeko asmoz. Deskantsu barik, traste guztiak hartu eta hirugarren kanpamentua muntatu genuen, eta bertan egin genuen lo. Gure asmoa gorago joatea zen, 7.800 metrotara edo.

Baina txarrena beti gerta daiteke. Hirugarren kanpamentuan lo egin behar genuen eguna aldrebestuz joan zen eta eguerditik aurrera elur temati bat lagun izan genuen, eta geroago haizea ere agertu zen. Gaua txarra izan zen, benetan. Elurra, haizeak lagunduta, zirrikitu guztietatik sartu zitzaigun dendara, dena, botak, motxilak, zakuak, dena erabat zurituz. Goizalbak beherantz joateko aholkatu zigun. Elurra harrotuta zebilen leku guztietatik, eta hotza nabarmena zen. Beste erremediorik ez genuen eta 2. kanpamentuan usterik txarrena konfirmatu ziguten; lau edo bost egunetarako eguraldia txarra izango da.

Hor, hor ikusi dugu gure ilusioa aldentzen. Ezin izango dugu mendi eder honi aurre egin nahi genuen bezala, oxigenori gabe. Txinoek ez digute aklimatatzeko denborarik utzi eta orain, gutxien espero genuenean eguraldia gaiztotu egin da. Ez daukagu astirik altueran behar bezala girotzeko eta are gutxiago behar bezala deskantsatzeko, esfortzu handi hori egin baino lehen. Lelokeria, astakeria izango litzateke egoera honetan oxigenorik gabe gorantz joatea, eta hala uste dute gure erronka berbera duten lagun guztiek. Horrela ezin da, porrot itzela litzateke izoztuta bueltatzea, istripuren bat gertatzea, eta horretara ez gara etorri. Gu mendira etorri gara, esperientzia itzela bizitzera etorri gara eta horixe nahi dugu egin.

Hala ere, ez dugu esku-hutsik etxera bueltatu nahi eta ahal den guztia egingo dugu tontorrera iristeko. Hasi gara oxigeno pixka bat hemendik bilatzen, laugarren kanpamenturik gora laguntza horrekin saiatzeko.

Egun gutxi daukagu, indarrak ere motelduz doaz baina azken ahalegina egingo dugu munduko mendirik altuenera iristeko, eta gero zuekin konpartitzeko.

Juanra eta Jordi

1 2 3 AURREKO SARRERAK