• “Metro Bilbao iraunkortasunari begira” proiektuak akzesita lortu du Europako Batzordearen Ingurumenerako Zuzendaritza Nagusiak deitutako sarietako “Garapen Iraunkorrerako Kudeaketa” kategorian.
• Rafael Sarria Metro Bilbaoko Zuzendari Nagusiak jaso du saria arratsaldean Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru izan den ekitaldian.
Bilbon, 2007ko abenduaren 5ean.- Eusko Jaurlaritzak gaur arratsaldean Metro Bilbaori Ingurumeneko Europako Sarietan akzesita eman dio. Europako Batzordeko Ingurumenerako Zuzendaritza Nagusiak deitutako sari hauen bidez, bere jardunarekin garapen iraunkorraren printzipioak betetzen lagundu duen erakundea dela eta beste konpainia batzuentzat eredu dela aitortu zaio Metro Bilbaori. Rafael Sarria Metro Bilbaoko zuzendari nagusiak eskuratu du arratsaldean saria Gasteizen Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru izan den ekitaldian.
EAEko ataleko sariak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak koordinatzen ditu IHOBE S.A. Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoaren bitartez, eta 2001etik deitzen dira. Enpresen garapen iraunkorraren alorrean dagoen saririk prestigiozkoena da eta, beraz, gizartearen onespen garrantzitsua dakarkiete hautatutako enpresei.
“Metro Bilbao iraunkortasunari begira” proiektuak “Garapen Iraunkorrerako Kudeaketa” kategorian akzesita lortu du. Saria deitzen dutenen esanetan, argi geratu da Metro Bilbaon iraunkortasunaren ingurumen, ekonomia eta gizarte ikuspegiak ondo txertatuta daudela eginkizun nagusian eta erakundearen politika guztietan.
Goraipamen hau Metro Bilbaok Europako Batasunak ematen dituen EMAS sarietan, 2006ko deialdian, bigarren egin eta gero etorri da. Orduan Metro Bilbao Europan garapen iraunkorraren alorrean konpromiso handi eta jardun gardenean bigarren zihoala onartu zen.
Gogora dezagun Metro Bilbao bere jarduera guztiak ISO 14001 arauaren arabera ziurtatu zituen munduko lehenengo metroa izan zela. 2005ean GRI (Global Reporting Initiative) parametroen araberako bere lehenengo Iraunkortasun Txostena idatzi zuela. Aurrera doa, urratsez urrats, ingurumena hobetzen, 2006ko EMASetan bigarren eginez, eta, orain, Ingurumeneko Europako Sarietan akzesita lortuz.

